XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Alferrikakoak izan ziren 1976ko bukaeraz geroztik ETApmkoek eta Adolfo Suarezen gobernuko ordezkariek aurrera eraman zituzten negoziazioak.

ETAk estreinako harremanetan honako lau puntu Amnistia, askatasun demokratikoak, indar errepresiboen deuseztapena, Euskadirako autogobernua mahaigaineratu zituen, baina Gobernuko ordezkariek bi arazotara jeitsi zuten negoziazioaren maila, presoen kanporaketara eta hauteskundeetako baldintza demokratikoak bere osotasunean bermaturik izatera, hain zuzen ere.

Negoziazioaren esparruko murrizketa horrek, une zein gune desberdinetan egindako bilkurak tarte zirela, ez zuen euskal gizarteak espero zituen fruituak eman. Izan ere hauteskundeak burutu zirenean zenbait preso izateaz gain, beste andana bat Europako erbestera bidali zuen Adolfo Suarezen gobernuak.

Alderdiei begiratuz, ezker muturrekoak ezezik, EAJren salbuespenaz, alderdi abertzale guztiak ere legetik kanpo jarraitzen zuten ekainaren 15ean.

Suarezen gobernuak, 1977ko urtarriletik aurrera, estatu mailan egin zituen negoziazioetan lortu zuen berak ezarritako baldintzak nahiz epeak oposizioak onartzea.

Nabarmena izan zen mobilizazioen beherakada Alderdi Komunistak jakin zuenetik bere legalizazioa bideratuta zegoela.

Era berean alderdi horrek desestabilizazioaren mamua uxatuz errealismo politikora makurtu zituen funtsezko zenbait errebindikazio Errepublikarena baztertzearekin batera monarkia eta armadaren onespen akritikoa, eta berak kontrolatzen zuen oposizioko esparru zabala.

Euskal Herrian aldiz, elkarrizketa horiek zein euskal arazoa ardatza zutenak burutzen ari ziren bitartean, Arias eta Suarezen gobernuek emandako indultu murritzek akuilatu zituzten presoen aldeko mobilizazioak.

Mota guztietako protestak -jende itxialdiak, barauak, manifestazioak biltzen zituzten amnistiaren aldeko asteek sekulako dimentsioak bereganatu zituzten milaka langile eta hiritar behin eta berriro mobilizatuz.

Arras esanguratsua dugu 1977ko ekainaren 15eko hauteskundeetarako hilabete bat baino tarte zelarik maiatzaren 8tik aurrera burutu zen Amnistiaren aldeko asteko bilakaera.